Ingurugirorako Giza Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpena
Homepage
Ibilbidea

Orain arte egindako lan nagusiak

1998ko ekainaren 2an, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Erakundezko Adierazpen bat onetsi zuen, nazioarteko komunitateari Ingurugiroa Giza Eskubide berri bezala aitortzea proposatzen ziona.

1998ko ekainaren 30ean, Batzar Nagusiek bat egin zuten adierazpen horrekin, eta horren ostean gauza bera egin zuten Bizkaiko udal gehienek.

1999ko otsailaren 10etik 13ra bitartean Adituen Nazioarteko Mintegia egin zen Bilbon, hala eztabaida intelektuala bultzatzeko nola eskubide hori nazioarteko mailan aitortzera zuzendutako laguntza jasotzeko. Mintegiaren babesle ofizialak UNESCO eta Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandataria izan ziren.

1999ko otsailaren 12an, Ingurugiro-Eskubideari buruzko Adituen Mintegiak bukatu eta ofizialki onartu zuen Ingurugirorako Giza Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpena, Uruguaiko irakasle eta diplomazialari Hector Gros Espiellek zuzendutako bileran.

Adierazpen honetan ingurugiro-eskubidea aitortzeko proposamena partehartzea eta prebentzioan datza. Bi ardatz horietan oinarritzen dira Adierazpenak beregan dituen jokaera eta konpromizu proposamen desberdinak. Izan ere, proposamenak nazioarteko gizartearen eragile eta partaide desberdinei zuzenduta daude, instituzio eremuak, gizarte mugimenduak eta gizabanakoak barne.

1999ko apirilaren 15ean, Batzar Nagusiek onartu egin zuten Bizkaiko Adierazpena.


Egun berean, Bizkaiko Adierazpena aurkeztu zen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren Berrogeita Hamargarren Urteurrenaren Azpibatzordean -azpibatzorde horren burua Javier Ruperez da, eta bertan Diputatuen Kongresuko talde guztietako ordezkaritzek parte hartzen dute. Azpibatzorde horrek argitara eman zuen txostenaren arabera, Bizkaiko Adierazpena sostengu handia merezi duen ekarpena da. Iritzi hori oinarritzat harturik, Kongresuaren Osoko Bilkurak Bizkaiko Adierazpena onetsi zuen, aho batez, 1999ko uztailaren 1ean.

1999ko apirilaren 29an, Ingurugiro Diputatuak berak dokumentua aurkeztu zion UNESCOko Zuzendari Nagusi Federico Mayor Zaragozari. Honek gogo onez hartu zuen ekimena, eta, beraz, Kontseilu Betearazlera eramateko konpromisoa hartu zuen, erakundearen barnean legozkiokeen ataletan tramitatzeko asmoz. Asmo hori maiatzaren 25ean gauzatu zen.

1999ko maiatzaren 7an, Ingurugiro Arbitraje eta Adiskidetzerako Nazioarteko Epaitegiaren -Mexiko- ekimenez, Adierazpena Mexikoko Senatuari, Kongresuari, Unibertsitate Komunitateari, Giza Eskubideen Batzorde Nazionalari eta Kazetarien Elkarteari aurkeztu zitzaien.

1999ko ekainaren 8an, "Ingurugiro-Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpena" liburua aurkeztu zen. Liburu horretan bilduta daude joan den otsaileko Adituen Mintegian aurkeztutako txostenak, baita Adierazpenaren testu ofizialak eta Jarraipen Ebazpenarenak ere.

1999ko ekainaren 18an, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak aho batez onetsi zuen Eusko Abertzaleak eta Eusko Alkartasuna taldeek aurkeztutako legez besteko proposamen bat, Legebiltzarrak Ingurugiro-Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpena onartzearen alde agertzen zena.

1999ko uztailaren 7an, Ingurugiro eta Lurralde Ekintzako Diputatu Maria Esther Solabarrietak bilera bat egin zuen Eusko Legebiltzarraren Presidente Juan Maria Atutxarekin. Bilera horretan, joan den otsailean Bilbon egin zen Ingurugiro-Eskubideari buruzko Adituen Mintegian aurkeztutako txostenak, bertan gauzatutako eztabaidak, azkenean adostutako Adierazpena eta haren jarraipen Ebazpena biltzen dituen liburuaren ale bat -Nazio Batuetako diplomazialari, legegizon eta aholkulari Hector Gros Espiellen hitzaurrea duena- eman zion Diputatuak Atutxa jaunari. Gainera, ekimen zehatzak adostu ziren Adierazpenak bultzada eta sostengu instituzionala lor ditzan Europako Batasunako hainbat legebiltzarraren aldetik.

1999ko abuztuaren 19an, Ingurugiro-Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpena eman zitzaion ofizialki Suitzako Presidente Ruth Dreifussi. Hori egiteko arduraduna Jon Zabalo izan zen, hau da, Suitzako nazionalitatea duen eta Bizkaian bizi den haur bat. Adierazpenarekin batera, Bizkaiko Diputatu Nagusiak berak idatzitako gutun bat eman zitzaion Presidenteari, eta beronek bere Gobernuko Ingurugiro Arduradunari ematea erabaki zuen, azken horrek bidera dezan egoki deritzon bidetik.

1999ko irailaren 8an, Andaluziako Parlamentuaren Mahaiak Bizkaiko Adierazpena onestea erabaki zuen aho batez.

1999ko irailaren 9an, Eusko Legebiltzarraren Presidente Juan Maria Atutxak eta Andaluziako Parlamentuko Presidente Javier Torres Velak bilera izan zuten Andaluziako Parlamentuan, "Ingurugiro-Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpenaren" aldeko adierazpenak bultzatzeko CALREko kide diren Europar Parlamentu guztietan eta Autonomi Parlamentu guztietan. Ekimen horren abiapuntua "Ingurugiro-Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpena" liburua emateko xedez Bizkaiko Foru Diputatu Maria Esther Solabarrietak Eusko Legebiltzarreko Presidenteari joan den uztailaren zazpian egin zion bisita izan zen.

Elkarrizketa horren xedea testu horren aldeko sostengua bilatzea izan zen, eta, horrekin batera, babes politiko eta sozial gehiago lortzea gai horretan aginpidea duten nazioarteko erakundeetan. Horren bidez zera lortu nahi zen: Ingurugiro-Eskubidea artikulu berri bezala eranstea Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean.

Torres Velak eta Atutxak egin zuten bileran mekanismo zehatzak proposatu ziren ekimen hori Autonomi Erkidegoen Parlamentuetan eta Europako Eskualdeetako Parlamentuetan sustatzeko, baita Adierazpenaren aldeko atxikimenduak jasotzeko egutegia ere, kontuan izanik atxikimendu horiek UNESCOren eta Nazio Batuen hainbat ataletara eramango direla -horren berri jakin dezaten-, batez ere Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren bulegora.

Torres Vela Presidentearekin bildu ondoren Eusko Legebiltzarraren Presidenteak esan zuenez, Bizkaiko Adierazpenari buruzko proposamena "benetako boom bat" da "gizarte unibertsalarentzat".

Uztaila eta iraila bitartean erruz zabaldu zen Bizkaiko Adierazpenaren testua, mundu osoan eta hainbat eremutan: instituzioetan, erakunde politiko eta juridikoetan, administrazioan, diplomaziaren eta ekonomiaren eremuan, enpresetan, sindikatuetan, elizaren erakundeetan, unibertsitatean, komunikabideetan eta gizarte mailan. Dokumentuaren 10.218 ale banatu ziren, honako eskema honen arabera:

Elkarteak eta GKEak (72)

Fundazioak (48)

Elizaren erakundeak (129)

Justiziaren eremuko erakundeak (51)

Sindikatuak (103)


Hezkuntzaren eremuko erakundeak (1.614)
- Dokumentazio zentroak (77)
- Unibertsitatetik kanpo (26)
- Unibertsitatean (1.511)

Enpresak eta I+G (Ikerkuntza eta Garapena) (1.033)

- Enpresarien elkarteak (102)
- Merkataritza Ganbarak (10)
- Clusterrak (59)
- Lanbide Elkargoak (21)
- Enpresa handiak (789)
- Herri Sozietateak (52)

Komunikabideak (700)
- Agentziak (100)
- Komunikabideen elkarteak (76)
- Herri Erakundeak (11)
- Idatzizko prentsa (185)
- Idatzizko prentsa akreditatua (142)
- Irrati akreditatua (19)
- Telebista (57)
- Telebista akreditatau (26)

Arlo politiko eta instituzionala (6.044)
- Autonomi instituzioak (1.864)
- Espainiako Estatuko instituzioak (1.163)
- Espainiako Estatuan akreditatutako diplomaziadunak (118)
- Toki instituzioak (1.773)
- Alderdi politikoak (95)
- Euskal Herriko lurralde instituzioak (406)
- Europako Batasuna (625)

Nazioarteko erakundeak (424)


Ekintza horiei esker hainbat ekimen sortu dira Adierazpena hedatzeko eta haren berri emateko. Aldeko konpromiso horiek era guztietako erakundeetan sortu dira: gizarte taldeak, enpresarien elkarteak, merkataritza ganbarak, kazetariek elkarteak, garrantzi handiko esparru juridikoak, Nazio Batuen atal diplomatiko eta betearazleak, eta Iberoamerikako Ombudsman-en Batzarra (Arartekoen Batzarra).

Irailaren 29an, Ingurugiro eta Lurralde Ekintzako Diputatu Maria Esther Solabarrietak zuzendutako ordezkaritza batek Ingurugirorako Giza Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpena eman zion ofizialki Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Mandatari Nagusiari. Taldekideak hauexek izan ziren: ingurugirorako foru zuzendari Maria del Carmen Urbieta, Unesco-Etxearen zuzendari eta UNESCO Elkarte, Klub eta Zentroen Munduko Federazioaren Presidente Paul Ortega, eta Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko Felipe Gomez.

Adierazpena emateko ekitaldi ofiziala Mandatari Nagusiak Europan duen egoitzan izan zen, hau da, Genevako Wilson Palais-en, 13:00etan. Nazio Batuen aldetik ordezkari hauek izan ziren ekitaldi horretan: Osemu Shiraishi, Ikerkuntza eta Garapenerako Eskubide Sailaren Burua, eta Affaf Abbas, Ikerkuntza Proiektuen arduraduna Sail berbereko Giza Eskubide eta Ingurugiro atalean. Azken horrek, gainera, Bizkaiko Adierazpenaren lehen zirriborroen prestatze lanetan parte hartu zuen. Egon ere Julian Burten egon zen, hau da, Herri Indigenen Foro Iraunkorrak Nazio Batuetan duen koordinatzailea.

Giza Eskubideetarako Goi Mandatariak Nazio Batuen bide ofiziala hastera gonbidatu du Bizkaiko ordezkaritza, honako bitarteko hauek erabiliz:

- Bizkaiko Adierazpena aurkeztea herri indigenei buruzko lan taldean.
- Ekimena PNUMAn aurkeztea.
- Adierazpena Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Batzordean eta Azpibatzordean aurkeztea.
- Adierazpena GKE eta foroen artean hedatzea, nazioarteko mailan.
- Harremanak bultzatzea, Ingurugiroari buruzko hurrengo Goi Bilerak (2002) bere egin dezan ingurugiro-eskubidea nazioarteko mailan aitortzen saiatzeko konpromisoa.


2000ko urtarrilaren 21ean, Autonomi Erkidegoetako Parlamentuetako Presidenteen Batzarra Santiagon bildu eta Ingurugirorako Giza Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpenari atxiki zitzaion. Horrekin batera, Adierazpena euren Parlamentuetara eramateko konpromisoa hartu zuten partehartzaileek, egoki iritziz gero haren alde azal daitezen.

Europako Eskualdeetako Parlamentuen III. Biltzarrak (50 Parlamentuz osatua) Bizkaiko Adierazpena aztertuko du 2000ko urrian Santiagon egingo dituen saioetan. Proposamenak Espainiar Estatuko Autonomi Erkidego guztien sostengua izango du.

Gaur egun, Mugimendu Olinpikoaren eta kirolaren eremuko hainbat ordezkarirekin lan egiten da, Adierazpenaren alde modu espezifikoan ager daitezen.

2000ko otsailaren 1ean, Foru Aldundiko Ingurugiro eta Lurralde Ekintza Sailak Euskal Herriko instituziorik onena saritzen duen saria jaso zuen Europako Enpresa Mundua izeneko argitaletxearen aldetik, 1999an egindako lanagatik. Horren arrazoietako bat hauxe izan da: Bizkaiak lehenengo urratsa egin duela, mundu mailan, ingurugiroa giza eskubide berri bezala onartu izan dadin. "Bizkaiko Adierazpena -dio argitaletxe horrek- gurutzada horren testurik berritzaileena da"..

2000ko otsailaren 12an urte bat bete zen Bizkaiko Adierazpena Bilbon onartu zenetik.

2000ko otsailaren 28an ofizialki jakinarazten da Bizkaia aukeratua izan dela Europako Hondartzako Boleibol Txapelketaren Jokaleku Ofiziala izateko. Izendapenaren oinarrian egon diren arrazoien artean bi dira azpimarratzekoak: alde batetik, Lurralde Historiko horretan ingurugiro mailan egin den aurrerapena; bestetik, Bizkaiak bultzatu egin duela ingurugiroa giza eskubide berri bezala onartzearen aldeko proposamena. Antolatzaileek eta Europako Hondartzako Boleibol Konfederazioko kideek aditzera eman dutenez, txapelketa egiten den bitartean bai kirolariek eta bai arlo horretako kirol instituzioek bat egingo dute Adierazpenaren testuarekin, atxikimendu ekitaldi ofizial baten bitartez.

2000ko martxoaren 12ko hauteskunde orokorren aurrean, lehenengo aldiz, alderdi politiko batek Bizkaiko Adierazpena defendatu, sustatu, hedarazi eta zabaltzeko konpromiso zehatzak sartu ditu bere egitarauan. Hartu diren konpromisoen xedea era guztietako jarduketak sustatu eta horietan parte hartzea da, Adierazpena Estatuaren antolamendu juridikoan arlo guztietan sartze aldera. Ildo horri jarraiki, "Konstituzioaren 45. artikulua eraldatzea" edo ingurumena Konstituzioak bere itzalpean har ditzakeen funtsezko eskubideen multzoaren artean sartzea sustatzeko ahalbidea iradoki da.

Euskadik aipatu egitarauan egin duen konpromiso horrek Espainiako Estatuaren aginte eskudunen aurrean ekin eta ekin jarduteak duen garrantzi handia adierazten du, aginteok ordezkaritzaren bat duten nazioarteko foro guztietan Bizkaiko Adierazpenaren onespena modu eraginkorrean aldeztu dezaten.

2000ko martxoaren 26an, Edurne Pasaban, Josu Feijoo, Angel Navas eta Guillermo Bañales euskal alpinistez osatutako espedizio bat Himalaiarantz abiatu zen, Everest gailurrera iparraldetik (Tibet) igotzeko xedez, hau da, zailtasun handiko bide batetik hara iristeko xedez. Espedizioaren asmoetako bat Bizkaiko Adierazpenaren testu bat munduko tontor gorenean uztea da.

Maria Esther Solabarrietaren esanetan, "ekimen hori deiadar ozen bat da gizaki guztientzat; Adierazpenaren edukia modu arduratsuan onar dezatela eskatzen die, ingurugiroa babestea eta hobetzea gaurko eta geroko belaunaldien oinarrizko eskubide bat izan dadin". Espedizioa maiatzaren 27an iritsi zen Everesten gailurrera, larunbatean, eguerdiko 13,30etan.

2000ko martxoaren 27a eta 31 bitartean, Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmenaren 8j. artikulua betearazteaz arduratzen den Lan Taldeak nazioarteko bilera bat egin zuen Sevillan. Ingurugirorako Giza Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpena bilera horren informazio-agirien artean sartu zen.

2000ko maiatzaren 22an COPE eta Cadena 100 irratiek, "1999ko Erakundeen Ideia Hoberenaren Saria", Gizakiok ingurugirorako dugun eskubideari buruzko Bizkaiaren Adierazpenari eman zioten. Federico Mayor Zaragoza UNESCOko presidente orokor ohiak ekimena goraipatuz esandako hitz batzuen ondoren, saria Bizkaiko Lurralde Ekintza eta Ingurugiro diputatuak, Maria Esther Solabarrietak jaso zuen .

Saria emateko ekitaldian honako hauek egon ziren: Asturias Printze sariduna eta malariaren aurkako txertoa asmatu zuen Manuel Elkin Patarroyo, mediku kolonbiarra; Luz Casal abeslaria, Café Quijano eta Ketama musika taldeak; Tito Valverde aktorea, Victorio Martín abeltzaina, Juan María Arzak, Pedro Subijana eta Ferrán Adría sukaldariak; Felix Linares eta Antxon Urrusolo telebista aurkezleak; Miliki pailazoa eta Olmo, Don Celes pertsonaia sortu zuen marrazkilari eta umorista. Guztiek Deklarazioarekin bat egin zuten.

2000ko maiatzaren 27an, larunbatean, Bilbon Ercocamp taldea bildu zen. Talde hori Europear Elkarteak finantzatuta dago eta eskolarteko trukeak egiteaz arduratzen da. Batzarrean, Finlandia, Austria, Irlanda eta Euskal Herriko ordezkariak bildu ziren. Bere lan bileretan Bizkaiko Adierazpena aztertu zuten eta bertan agertzen denari buruzko gogoeta eta azterketa lan sakona garatu zuten. Era berean, giza eskubide berri hori lehenbailehen onartu behar dela ere adierazi zuten.

2000ko ekainaren 1ean, Dª Casilda parkeko pergolan egindako ekitaldi ospetsu batean, Euskadi Txirrindulari Fundazioa eta Euskaltel-Euskadi txirrindulari talde profesionalak Bizkaiaren Adierazpenarekin bat egin zuten. Atxikimendua honako hauek sinatu zuten: Miguel Madariaga, Euskadi Txirrindulari Fundazioko presidenteak, Julian Gorospe, Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendariak, Ruben Gorospe bigarren zuzendariak, José Nazabal, mekanikoak eta plantila osoaren izenean, ondoren aipatzen diren txirrindulari hauek: Bingen Fernández, Txema del olmo, Mikel Pradera, Gorka Gerrikagoitia, Gorka Arrizabalaga, Ramontxu Gonzalez-Arrieta, Unai Etxebarria, Mikel Artetxe, Aitor Silloniz, Roberto Laiseka eta Ivan Mayok.

Adierazpena sinatzen duten lehenengo kirol taldea da. María Esther Solabarrietak, ekitaldian bertan, Bizkaiaren Adierazpenaren edukia kirol munduan ahalik eta gehien hedatzen saiatuko zirela adierazi zuen, 2.000 urtea, urte olinpikoa denez, urte garrantzitsua izango baita kirola eta ingurugiroa lotzeko prozesuan.

2000ko ekainaren 5ean Bizkaiko Diputatu Orokorrak, Josu Bergarak, Bilbon, Bizkaiaren Adierazpenaren web orrialde berria aurkeztu zuen. Web orrialde berriak, jada bazegoen sarbideaz gain, (www.bizkaia.net) badu bere domeinua (www.gurelurra.net).

Lehen aldiz daude internet sare osoaren eskuetan, mundu osoaren eskuetan beraz, Bizkaiak nazioarteko komunitateari egiten dion proposamenaren ardatza osotzen duten agiriak.

Informazio aldetik, Web gunean Adierazpena eta Jarraipen Ebazpenaren testua oso osorik agertzen dira, eta baita bere ibilbidearen kontakizun zehatza ere, kontakizun hori, denbora igaro ahala gaurkotuko egingo da, horrela eskaintzen den informazioak ahalik eta egunerokotasun handiena izango du.

Web orriaren bidez, munduko edozein lekuko, edozein pertsona, instituzio edo erakundek bat egin dezake Bizkaiko Adierazpenarekin, bai gizabanako moduan zein talde moduan. Hori eginez gero, jarraian, konpromiso horren egiaztagiria lortuko luke, Bizkaiko Foru Aldundiak on-line bidalitako egiaztagiria.

Bizkaiko Adierazpeneko Web gunera, ingeles zein gaztelaniazko 100 zerbitzariren bidez hel daiteke. Zerbitzari horien artean garrantzitsuenak agertzen dira: Yahoo, Altavista, Lycos, Excite, Terra, Ya.com, Eresmas, Canal21, etb.

2000ko ekainaren 9an Madrilen bildu zen Legegintzako Erregio Biltzarraren batzorde iraunkorra. Bilera, erakunde horren Batzar Orokorrean eztabaidatuko diren gaiak zeintzuk izango diren prestatzeko izango da (2000ko urrian Santiago de Compostelan egin den bileran) eta bertan aho batez, Ingurugiroari buruzko Giza Eskubidearen Bizkaiaren Adierazpena, CALREak Europako Batasuneko Giza Eskubideen Gutunari egiten dion ekarpen zehatza izan dadila.

Madrilgo batzorde iraunkorrera, lege erakundeetako ordezkariak joan ziren, hala nola, Alemania, Austria, Belgika, Estatu Espainola eta Italia.

2000ko ekainaren 15ean, Ingurugiro eta Lurralde Ekintzako diputatua, María Esther Solabarrieta, ingurugiroarekin erlazionatutako materiez arduratzen den Europear Elkarteko 11. Zuzendaritza Orokorreko zuzendari orokor ordearekin bildu zen, Jean Francois Vestryngerekin. Bilera hori, elkarteko organismo gorenaren laguntza eta babesa lortzeko egin zen, laguntza, Bizkaiaren Adierazpena, Europako Elkarteko Funtsezko Eskubideen Gutuna prestatzeko lanetan eztabaidatu eta ager dadin. Bileran honako akordio honetara heldu ziren:

1.- Batzordeko presidenteari, Romano Prodiri eta Ingurugiro saileko komisarioari, Margot Walstromi, "Bizkaiaren Adierazpenari" buruzko informazioa bidaltzea. Bertan, Ingurugiroa, Europako Batasuneko Funtsezko Eskubideen Gutunera sartzeak izan dezakeen garrantzia adierazi nahi diete.

2.- Adierazpena, Kartarekin batera bidaliko den protokoloarekin bidaltzen saiatuko dira.

Jean francois Vestrynge ados agertu zen ingurugiroa oinarrizko eskubide gisa onartzearekin.

Egun berean, foru ordezkariak, bilera bat ere badu Loyola de Palacio komisarioaren bulegoko goi ordezkariekin eta Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkaritzak antolatutako ekitaldi bat ere zuzendu beharko du. Ekitaldia Bizkaiaren Adierazpena, aurkezteko egingo da, eta ondoren agertzen diren taldeen aurrean aurkeztuko da: Europako batasunean, kreditatutako Europar Erregioetako bulegoetako hainbat ordezkariren aurrean, Europako Parlamentuko kideen aurrean, eta elkarteko administrazioko goi funtzionarioen aurrean.

2000ko ekainaren 22an "Ingurumen egokia izateko eskubidearen adierazpenarekin bat egitea eta adierazpenari bere laguntza eskaintzea" erabaki du Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascosen (EUDEL) batzorde betearazleak.

2000ko abuztuaren 24an Ereaga hondartzan (Getxon) egiten ari diren hondartzako-bolei ekitaldia inauguratu zen. Lehiaketa horretan parte hartzen ari diren Europako Boleibol konfederazioko kideek, hau da kirolariek, zuzendariek eta epaileek, adierazpenaren alde egin zuten. Jendaurrean hartu duten konpromisoan honako hau adierazi dute:

- "Giza eskubideak, historiaren une bakoitzean, gizakiaren osotasuna gordetzen dituen eskubideak dira.

- Edozein pertsonaren duintasunarekin lotuta dago ingurumen egokia izateko eskubidea eta gainerako giza eskubideak bermatzeko hau betetzea ezinbestekoa da.

- Ingurumen egokia izatea denon eskura dagoen tresna juridiko gisa har dadila defendatu nahi dugu.

- Nazioarteak eta batez ere Nazio Batuek, mundu mailako eta eskualdeetako erakundeek, nazioarteko mugimendu olinpikoa osatzen duten erakundeek eta nazioko zein nazioarteko kirol erakundeek ingurugiro egokia izateko eskubidearen adierazpena aztertu eta adierazpen horrekin bat egin dezatela proposatu nahi dugu. Gainera adierazpen hori behar den bezala aintzatetsia izan dadin, beharrezko neurriak har ditzatela."

Abuztuaren 26an Bilboko Guggenheim museoan Sydney 2000an Boleibolean nork parte hartuko duen erabakitzeko zozketa olinpiko ofiziala egin zen. Egun horretan Bizkaiko adierazpenarekin bat egin zuten Boleiboleko nazioarteko federazioak eta Bolei-Hondartzako munduko kontseiluak.

Irailaren 28an egin zen Jesus Guerra, lehenengo memoriala: Kirola eta Ingurumena. Ekitaldi horretan adierazpenarekin bat egin zuten honako hauek: Askartza-Claret eta Urdaneta ikastetxeek, Bizkaiko hezkuntza zentrorik garrantzitsuenetariko bik beraz (4.000 ikasle baino gehiago), Bidasoa Kirol Taldeak (94-95ean Europako txapelduna izan zenak) eta Barakaldo-UPVko eskubaloi taldeak.

2000ko urriaren 30 eta 31n Santiago de Compostelan, (CALRE), Europar Batasuneko Eskualdeko Batzar Legegileen osoko bilkuraren bilera egin zen. Lehenengo jardunaldian, 30ean arratsaldean, Bizkaiko Adierazpenari atxikitzea eta EUko Oinarrizko Eskubideen Gutunean sar dezaten eskatzea aho batez onartu zen. Honako eskaera dagokien erakundeetara, Kontseilua eta Europar Batzordea, igorriko zaie, CALRE delakoan dauden Batzar Legegile ororen bermeaz.

Onetsitako testuan, Les Corts Valencianes-eko presidente Marcela Miró Perezek aurkeztu eta defendatu zuen txostena oinarritzat hartuta, besteak beste ondorengoa adierazi da:

"Ingurugiroaren gaineko politikak funtsezkoak dira Europar ikuspegi batetik zein eskualdeko ikuspegitik. Hori dela eta, Bilbon UNESCO eta Nazio Batuetako Giza Eskubideen Mandataritza Gorenaren babesean egindako mintegiaren barruan, 1999ko otsailaren 12an onarturiko ingurugiro eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpena oso positibotzat jotzen dugu."

"Ingurugiro osasuntsu eta orekatua izateko hiritar guztien aldarrikapena jasotzen duen Adierazpenak aurtengo urtarrilaren 21ean Santiago de Compostelan bildutako Espainiako Autonomi Elkarteetako Legebiltzarretako Presidenteen Konferentziaren babesa lortu zuen. Bertan Adierazpenari atxikimendua eta bakoitzak bere Legebiltzarrera eramateko konpromisoa adierazi zituzten."

"Oraingo honetan, Santiago de Compostelan ere, CALRE delakoaren bilera dela eta, ingurugiro eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpenari atxikitzeko une aproposa dela uste dugu. Era horretan, Europako Eskualdeko Batzar Legegileek ere beren iritzia plazaratu ahal dute horrenbesteko interesa duen gai honen inguruan, Estatu bakoitzean hiritarrengandik gertukoen dauden botere legegileak direla kontutan harturik."


ALRE-k harturiko ebazpenen artean ondorengoak ditugu aipagarri:

ALRE-k, europar hiritarraren oinarrizko eskubide eta askatasunak jasoko dituen Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna egin eta onartzeari bere sostengua adierazi nahi dio. Eskubide eta askatasun horiek, eskubidearen oinarri orokortzat eta oinarrizko komunitate-eskubidea sortu, ezarri eta interpretatzeko lehentasunezko iturburutzat onartzen dituen Europar Elkarteetako Auzitegiaren etengabeko jurisprudentzia ere jasoko duen Gutuna, hain zuzen.

ALRE-k 1999ko otsailaren 12an Bilbon onarturiko ingurugiro eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpenari bere sostengua eta atxikimendua adierazi nahi dio, ingurugiro osasuntsu eta orekatuaz gozatzea oinarrizko eskubidea dela uste baitu.

ALRE-k Hitzarmen berriari Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna sartzea gomendatzen du, edo, bestela aparteko agiri moduan finkatzea, bere babesa komunitate-ordenamendu juridikoaren barnean bermatu ahal izateko.

· 2000ko abenduaren 21ean Bizkaiko Kirol Kazetarien Elkarteak bat egin du Bizkaiko Adierazpenarekin.
Atxikimendu-ekitaldianDiputatu Nagusi Josu Bergara aritu zen buru, besteak beste, ondokoa esan zuen: "kirolaren arloko jendearen taldea ingurumenaz sentsibilizatuen daudenetakoa da, agian inork baino hobeto antzematen diolako ingurumenaren eta kirolaren arteko lotura estuari". BKKE bere 145 kideen ordezkaria izan zen ekitaldian.

2001eko otsailaren 5ean "El derecho humano a un medio ambiente adecuado" liburua aurkeztu da Bizkaiko Batzar Nagusietan, Mercedes Franco del Pozok idatzia. Ekitaldian Eduardo Ruiz Vieytez izan zen, Instituto de Derechos Humanos Pedro Arrupe erakundearen zuzendaria. Liburu hori Cuadernos Deusto bildumakoa da; bertan zenbait hausnarketa eta lege-eskaera azaldu dira ingurumena giza eskubide gisa aintzatestearen ildotik, hain zuzen ere hirugarren belaunaldiko edo elkartasuneko eskubide esaten zaienen eremua gai harturik. Lan hau Deustuko Unibertsitateak bultzaturik egin da eta arlo honetan espezializaturik egin diren lehenengoetakoa da.· 2001eko urtarrilaren 12an, Adierazpenaren Bigarren Urteurrena ospatu zen, Josu Bergara Bizkaiko diputatu nagusia buru izan zen ekitaldian. Bertan, Athletic Taldeak eta Bahía de Bizkaia zein Azpiegitura baltzuek euren atxikimendua gauzatu zuten. Egun horretara arte, 13.668 atxikimendu jaso ziren www.gurelurra.net orrian.

2001eko otsailaren 14an, Espainiako Lankidetza Zuzentzeko Plana 2001-2004ri erantsi zitzaion Bizkaiko Adierazpena. Aipatutako politikaren lerro nagusiak eta oinarrizko arteztarauak jasotzen dira bertan. Helburu eta lehentasun geografikoak eta sektorialak zehazten ditu, bai eta Planak dirauen bitartean Estatu espainoleko nazioarteko lankidetzaren jarduketa bideratuko duten aurrekontu-baliabideak ere. Kongresuko Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Batzordeak aho batez onartu zuen eranspen hori.

2001eko otsailaren 27an, Juan José Ibarretxe lehendakaria Bizkaiko Adierazpenari atxiki zitzaion, Proma 2001 Azokaren irekiera-ekitaldian.

2001eko apirilaren 5ean, María Esther Solabarrieta Bizkaiko Ingurugiro eta Lurralde Ekintzarako diputatua Kubako hiriburuan bildu zen Conrado Martínez Corona La Habana probintziako presidente eta Kubako Estatuko Kontseiluko kidearekin, bai eta Fabio Fajardo Kubako gobernuko Zientzia Teknologia eta Ingurugiro lehen ministrordearekin ere.

Ingurugiroaren Munduko Eguna ospatzeko asmoz, ekaineko lehen egunetan La Habanan egin beharreko ekitaldi eta Mahainguru Jardunaldietan Bizkaiko Adierazpena sartzeko aukera izan zuten aztergai bilera horietan. Nazio Batuek planetako egoitza ofizial aukeratu zuten Kubako hiriburua, 2001ean "Biziari heldu" lema zuen Ingurugiroaren Munduko Eguna ospatzeko.

Era berean, Bizkaiko Adierazpena La Habanako Probintzia Biltzarrera eraman zuten, erakundeak ekimen horren aldeko erabaki ofiziala hartu zezan.

2001eko ekainaren 5ean, Ingurugiro Eskubideari buruzko Gidatxoa aurkeztu zen. Argitalpen hori 10 - 14 urte bitarteko neska-mutilentzat da batez ere, eta Bizkaiko Adierazpena osatzen duten abiaburuak eta postulatuak ulertzeko ahalmena sustatzea du helburu. Izan ere, Adierazpenaren edukien egokitzapen pedagogikoa da.

2001eko ekainaren 12an, Sir John Harman Ingalaterrako Ingurugiro Agentziako zuzendariak, Cathy O' Brien Britainia Handiko Hondakinak Kudeatzeko Institutuko presidenteak (IMW) eta Mike Philpott institutu horretako zuzendariak Ingurugiro Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpenarekiko atxikimendua agertu zuten.

2001eko ekainaren 19an, Italiako Cagliari hirian Hondartza Futboleko Europa Cup, Golden League aurreko lehiaketa, jokatzen ari ziren selekzio nazionaletako kideek Bizkaiko Adierazpenarekiko atxikimendua agertu zuten.

2001eko ekainaren 20an, On. Efisio Serrenti Sardiniako Eskualde Kontseiluko presidenteak María Esther Solabarrieta Ingurugiro eta Lurralde Ekintzarako diputatuaren gonbitea onartu zuen, Italian Bizkaiko Adierazpenaren enbaxadorea izateko.

2002ko apirilaren 14an, Guillermo Bañales eta Josu Feijoo euskal kirolariak Ipar Polo Geografikora heldu ziren eguerdiko 13:15ean eta Bizkaiko Adierazpenaren kopia bat utzi zuten hor, aluminiozko kutxa batean sartuta. Aitorpenarekin batera, María Esther Solabarrieta Ingurugiro eta Lurralde Ekintzako foru diputatuaren mezua zegoen, honako hau esaten zuena:

"2002ko apirilean, Josu Feijoo eta Guillermo Bañales euskal kirolariek Ingurugiro Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpenaren testua utzi dute Ipar Polo Geografikoan. Adierazpen hori 1999ko otsailaren 12an onetsi zen, Bilbon.
Guillermo Bañales eta Josu Feijoo Lurreko mutur horretara heldu diren lehenengo bi euskaldunak dira.
Bizkaiako Adierazpena etorkizunez betetako proposamena da. Bizkaitik mundu osora zabaldu da, guztion artean, gizarte hobea, duinagoa, arduratsuagoa, solidarioagoa eta gure ingurune lokal zein globalarekin bat datorrena sortzeko".

2002ko irailean, Ingurugiro Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpenari atxikitako pertsonak/elkarteak 40.000 baino gehiago izan ziren, www.gurelurra.net webgunearen bidez biltzen direnak. Jasotako atxikimenduak planeta osoko hogeita hamar herrialde ezberdinetakoak ziren.

2002ko azaroaren 5ean, Espainiako estatuko Senatuaren Osoko Bilkurak Euskadiko Senatari Abertzaleen Taldeko mozio bat onetsi zuen aho batez. Mozio horretan, honako hau eskatzen zaio Espainiako Gobernuari:

1. Etorkizunean Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren edukia berrikustekotan, ingurugiro osasuntsua eta ekologikoki orekatua izateko eskubidea aitortzeko aukera sustatzeko. Horrela, bizi-kalitatearen maila ezin hobea gauzatzea bermatuko litzateke, etorkizuneko belaunaldien ongizatea arriskuan jarri gabe.
2. Oinarrizko Eskubideen Gutunari lotura juridikoa ematea sustatzeko, Gutuna Europar Batasuneko Hitzarmenen erregimenean sartuz.
2003ko urtarrilaren 3an, goizeko 6:15etan, poloko ordua, Guillermo Bañales, Ángel Navas eta Josu Feijoo kirolari euskaldunak Hego-Polo Geografikora iritsi ziren eta toki horretan aluminiozko ontzi bat utzi zuten, barruan Bizkaiko Adierazpenaren kopia duena. Hara heltzeko 1.200 kilometro egin behar izan zituzten kontinente antartikoan. Bañales eta Feijoo gizaki bakarrak dira urte bateko epean lurrak dituen bi poloetara iritsi direnak.

Bizkaiko diputatu nagusia den Josu Bergarak mezua igorri zien zuzenean. Ondoko hitzak azpimarratzeak merezi du:

“Diputatu nagusi eta bizkaitar guztien eskuorde moduan egin duzuen ahalegin itzel eta zintzoa eskertu nahi dizuet; eta esan behar dizuet harro gaudela Bizkaiaren urratsak lautada erraldoi izoztu eta hotzean hedatu dituzuelako, planetako hegoburura heldu arte. Eskerrak ematen dizkizuegu gure bihotzetara ekarri duzuen harrotasun eta zorionagatik; eta ordeka antartikoan historian zehar gure herri honen ildoa izan dena islatu duzuelako: Ahalegin iraunkorrean finkatu den arima, beti ekina izan dena, eta tinkoa, eta geure buruari ezartzen dizkiogun helburuak lortzeko irmotasunean oinarritu dena”.

2003ko urtarrilaren bederatzian Europako Kontseiluko Parlamentuaren Batzarrak deialdia egin zien “Europako Batasuneko kideak diren estatuetako eragileei ingurumeneko eskubideak kontuan har ditzaten, eta eskubide horiek lotarazleak izan daitezen nazioarte mailan, egon dauden oinarrizko eskubideak ez direlako nahiko ingurumenari dagokionez”. Bada, ildo horretatik, bidezko Aholkua egin zuen eta proposatu zuen Gizakiaren Ingurumenerako Eskubidea aintzatestea, hain zuzen ere Giza Eskubideen Europako Gutunaren protokolo gehigarri baten bidez. .

Bizkaiko Adierazpena proposamen hori egiteko nazioarte mailan erreferentzia moduan erabili ziren dokumentuetako bat zian zen.

2003ko otsailaren 2an, Bizkaiko diputatu nagusia den Josu Bergarak burutu zuen ekintza nagusian, Jean Michel Cousteau esploratzaile, ozeanografo eta zine-produktoreak maila formalean adierazi zuen bat egiten duela Ingurumenerako Giza Eskubideari buruzko Bizkaiko Adierazpenarekin.

Cousteauk jendaurrean adierazi zuen erabat egiten duela bat ingurumena giza eskubide berri moduan aintzatestea nahi duen ekimen honekin eta proposamen hau mundu osoan zehar zabaltzeko bere konpromisoa formalizatu zuen.


Adierazpena
Erabakia
Ibilbidea
Adierazpena
Erabakia
Ibilbidea

Itzuli 
Igo