Ingurugiro Eskubideari buruzko Bizkaiko adierazpena
Ingurugiro-eskubideari buruzko Nazioarteko Mintegia egin zen Bilbon 1999ko otsailaren 10etik 13ra UNESCOk eta Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak babestuta.
KONTUAN IZAN DA 1972an Giza Ingurugiroari buruzko Nazio Batuen Biltzarraren Adierazpenak 1. Printzipioan honako hau aldarrikatu zuela: gizakiak, batetik, funtsezko eskubidea du askatasuna, berdintasuna eta bizi-baldintza egokiak izateko, eta hori guztia behar bezalako ingurumen batean gertatu behar da, bizimodu duinaz eta ongizateaz gozatzea posible izan dadin; eta, bestetik, gizakiak betebeharra ere badu, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzako ingurumena babestu eta hobetzeko betebeharra, alegia.
KONTUAN IZAN DA, ondoren, 1992an Rio de Janeiroko Ingurugiro eta Garapenari buruzko Adierazpenean azpimarratu zela gizakia bera dela garapen jasangarriari lotutako kezken ardatza eta, bizi osasuntsua eta emankorra izateko eskubidea duela naturarekin harmonian.
KONTUAN IZAN DA eskualde-mailako zenbait agiritan ere hemen adierazitako printzipio bera garatu dela, besteak beste, honako hauetan: Giza Eskubideen eta Herrien Afrikako 1981eko Gutunean; Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideei buruzko San Salvador-eko 1988ko Protokoloan; Ingurugiro-gaietan informazioa eskuratzeko, herritarrek erabakietan parte hartzeko eta Justiziara iristeko Hitzarmenean. Azken hori, Dinamarcan 1998ko ekainaren 23tik 25era egin zena, Europako Ingurugiroari buruzko laugarren Ministerio Biltzarrean onartu zen.
KONTUAN IZAN DIRA, era berean, honako hauek ere: Biodibertsitateari buruzko 1992ko Hitzarmena; Klima Aldaketari buruzko 1992ko Nazio Batuen Esparru Hitzarmena; basamortu bihurtzen ari diren edo/eta lehorte larria duten herialdeetan eta, batez ere, Afrikan, Basamortu-prozesuaren aurka egiteko Nazio Batuek 1989an egindako Hitzarmena; eta, azkenik, Indigenen eta Tribuen Herriei buruzko 1989ko Nazioarteko Lan Erakundearen 169. Hitzarmena.
KONTUAN IZAN DA Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1990eko abenduaren 14an onartutako 45/94 Ebazpena, bertan adierazten denez, pertsona guztiek baitute osasuna eta ongizatea bermatzeko moduko ingurugiro egokian bizitzeko eskubidea.
KONTUAN IZAN DA Nazioarteko Zuzenbide Institutuak Strasburgen 1997an egindako bilkuran honako hau adierazi zuela: "gizaki guztiek dute ingurumen osasuntsuan bizitzeko eskubidea".
KONTUAN IZAN DA gero eta konstituzio nazional gehiagok aldarrikatzen dutela ingurugiro-eskubidea.
AZPIMARRATU DA Ingurugiro-eskubidea pertsona guztien duintasunari atxikia dela, eta, era berean, beste giza eskubideei zuzenean loturik dagoela, bereziki, garapen-eskubideari.
AZPIMARRATU DA giza eskubide guztiak unibertsalak direla, zatiezinak direla eta elkarri erabat loturik daudela.
AITORTU DA Ingurugiro-eskubidea betearaz dezaten eska dakiekeela herri-agintariei, bai norbanako gisa, bai beste pertsonekin elkartuta, eta gizartean parte hartzen duten pertsona guztiek elkartuta jardun behar dutela ingurugiro-eskubidea babesten: gizabanakoek, erkidegoek, herri-agintariek eta erakunde pribatuek.
KONTUAN IZAN DA Ingurugiro-eskubidea ezin dela erabili, baldin eta behar den besteko eta behar den moduko informaziorik eskuratzen ez badugu.
AZPIMARRATU DA ingurugiroaren giza eskubidea babesteko bitarteko juridikoak behar direla mundu osoan erabiltzeko.
PROPOSATZEN DA, beraz, Nazioarteko Komunitateak, eta, bereziki, Nazio Batuek eta mundu- zein lurralde-mailako erakundeek Ingurugiro-eskubideari buruzko Bizkaiko adierazpena azter dezaten eta, hala badagokio, hartu beharreko neurri guztiak har ditzaten eskubide hori benetan betetzeko.
1. Artikuloa: Ingurugiro eskubidea
Gizaki guztiek, bai norbanako izan, bai lagun-taldea izan, ingurugiro osasuntsua eta orekatua izateko eskubidea dute.
Ingurugiro-eskubidea betearaz dezaten eska dakieke bai herri-agintariei bai erakunde pribatuei, estatuko zein nazioarteko Zuzenbidearen arabera duten estatutu juridikoa edozein dela ere.
Ingurugiro-eskubideak bateragarri izan behar du gainerako giza eskubide guztiekin, garapen-eskubidea ere barnean dela.
Pertsona orok du ingurugirorako eskubidea, eta ez da inolako bazterketarik izango arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo beste arrazoi batzuk direla eta.
2. Artikulua: Ingurugiroa babesteko betebeharra
Gizaki guztiek, bai norbanako izan, bai lagun-taldea izan, ingurugiroa babesteko eta babes hori estatu- zein nazioarte-mailan sustatzeko betebeharra daukate.
Herri-agintariek eta nazioarteko erakundeek ingurugiroa babestu eta, behar denean, ingurugiroa berreskuratzeko erantzukizuna dute, horretarako, bere esku diren baliabide guztiak erabilita. Erantzukizun hau honako jarraibide hauen arabera burutuko da:
- Biosfera, geosfera, hidrosfera eta atmosfera babestu, zaindu eta, hala behar izanez gero, berreskuratu egin behar dira; horiek denak hondatu ez daitezen neurriak hartu behar dira aurretiaz.
- Baliabide naturalak zentzunez eta era jasangarrian erabili behar dira.
- Ekoizpen- eta kontsumo-eredu egokiak sustatu behar dira, garapen jasangarriari lagun diezaioten.
- Ingurugiroa babesteko eskakizuzak integratu behar dira herri-politikan eta jarduera pribatuetan, beti ere, inor ez baztertzeko printzipioa aintzakotzat hartuta.
Estatu guztiek eta, batez ere, elkarren ondoan dauden estatuek, elkarri lagundu behar diote ingurugiroa babesten eta kutsaduraren aurka lan egiten, kutsaduraren jatorria edozein dela ere.
Estatuek zaindu egingo dute ingurugiroan aldaketa kaltegarri konponezinik gerta ez dadin, eta gizakien osasuna eta gizarteren ongizatea arriskuan egon ez daitezen arlo honetan.
3. Artikulua: Etorkizuneko belaunaldien Ingurugiro-eskubidea
Etorkizuneko belaunaldiek ere ingurugiro osasuntsua eta ekologikoki orekatua izateko eskubidea dute.
Estatuak ingurugiroaren kalitatea eta aniztasuna zaintzeko betebeharra du eta, bereziki, proiektu handiak egiterakoan, lan horiek epe luzera ingurugiroan izan ditzaketen ondorioak aldez aurretik ebaluatzeko betebeharra.
4. Artikulua: Administrazioa gardentasuna eta gizakien eskubideak Ingurugiro arloan
Herri-agintariak eta nazioarteko erakundeak gardentasunean oinarrituko dira, ingurugiroari lotutako gaiei buruzko erabakiak hartzeko erabiltzen dituzten prozeduretan. Gizakiak parte hartzeko, informazioa lortzeko eta informatua izateko eskubideak ere aitortu beharra eskatzen du, beraz, printzipio horrek.
Pertsona guztiek dute, berez, beste batzuekin elkartuta zein beren ordezkarien bidez, ingurugiroaren alorrean erabiltzen den herri-politikan edota hartzen diren neurrietan parte hartzeko eskubidea.
Era berean, pertsona guztiek dute ingugiroari buruzko informazioa lortzeko eskubidea, interes jakinik erakutsi beharrik izan gabe. Legez ezarritako zentzuzko arrazoiek bakarrik muga dezakete eskubide hori.
Informatuta egoteko eskubidea, gainera, bermatu egin behar da, eta, horretarako, ingurugiroaren egoerari buruzko txostenak argitaratu eta zabalduko dira aldiro.
5. Artikulua: Errekurtso eraginkorraren eskubidea
Norbanako nahiz pertsona-talde guztiek baliabide eraginkorrak izan behar dituzte, ingurugiro osasuntsua eta orekatua izateko eskubidea hautsi badiete edo honelako eskubide-hauste bati buruz informazioa badute, beren eskubide hau defendatu ahal izateko estatu- zein nazioarte-mailan.
6. Artikulua: Konponketa eskubidea
Norbanako nahiz pertsona-talde guztiek, ingurugiro osasuntsua eta orekatua izateko eskubidea hautsi badiete, dagokion konponketa eskatu eta eskuratzeko eskubidea izango dute, beti ere, ingurugiroa berreskuratu beharko dela ahaztu gabe.
7. Artikulua: Ingurugirorako heziketa eta sentsibilizazioa
Heziketa eta sentsibilizazioa maila guztietan eta bitarteko guztiekin burutu behar dira, gizakiak ingurugiroa babesten laguntzeko gai izan daitezen.
Estatuek nahiz nazioarteko erakundeek hezkuntzan hartu beharreko neurri guztiak hartu beharko lituzkete, ingurugiro osasuntsua eta orekatua izateko eskubidea babestu eta errespetatu egingo dela bermatuta gera dadin.
Aurreko atalean aipatutako neurrietan, hezitzeko eta irakasteko egitarau bereziak sartu beharko lirateke, gorbernuz kanpoko erakundeen laguntzarekin.
8. Artikuloa: Guztiona erantzukizuna
Ingurugiroa babesteko printzipioetan daude nazioarteko elkartasuna eta erantzukizun partekatua, beti ere, bakoitzaren erantzukizunaren araberakoa; ildo horretatik, herri garatuek garapen-bidean dauden herriekin duten lankidetza eta elkarlana sendotzeko konpromezua hartu beharko lukete.
9. Artikulua: Ingurugiro eskubidea ezartzea
Estatuek nahiz nazioarteko erakundeek, Adierazpen honetan onartutakoari jarraituz, ingurugiro osasuntsua eta eko-orekatua izateko eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartu beharko lituzkete.
Herri-agintariek, eurei dagokien esparruetan, ingurugiroari buruzko informazioa bildu eta gaurkotu behar lukete, eta informazio hori jaso eta sailkatzeko sistemak ezarri. Ildo beretik, ingurugiroan eragina duten edo izan dezaketen jarduerei buruzkoa izango da informazio hori.
Era berean, pobreziak ingurugiro-eskubidean duen eragin txarra ikusita, estatuek nahiz nazioarteko erakundeek pobreziaren aurka egin behar lukete, eta, nazioarteko lankidetzan eta elkartasunean oinarrituta, helburu hori lortzeko hartu beharreko neurri egoki guztiak hartu behar lituzkete.
Ingurugiro-eskubidea benetan beteko dela bermatzeko hartzen diren neurriak burutzerakoan, oso kontuan hartu behar lirateke ahulagoak diren pertsonak eta taldeak.
Bilbao, 1999ko otsailak 12.
|
|
|
|
Adierazpena
|
Erabakia
|
Ibilbidea
|
|
|
|